2012/05/18 09:43

Jarduerak

Erakusketak

BATEKMILA, EUSKAL MUNDUAK

2008. urtean, “BATEK MILA. EUSKAL MUNDUAK” Multimedia Erakusketa ekarri genuen Iruñeko Planetariora, 2008 azaroaren 17tik 2009ko urtarrilaren 31arte.

Euskal Kultur Erakundeak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak elkarrekin ekoiztutako erakusketa honen xede nagusia bisitaria euskararen eta euskal kulturaren ezagutzera eta galdekatzera gonbidatzea da. Prozedura teknologiko eta interaktibo anitzak erabili dira “euskal mundu” horien ikuspegi ezohiko eta eguneratu bat eskainiz.

Gaurko artista, argazkilari, idazle, musikari eta errealizadore anitzen begiradak biltzen ditu BATEKMILA erakusketak, eta lau hizkuntzatan eskaintzen da:euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. Euskal Herriko eta Diasporako euskal munduei begira dagoen erakusketa honek UNESCOren babesa du, eta www.batekmila.org helbidean dago ikusgai.

Erakusketa inguruan hiru ekitaldi berezi antolatu genituen:

- Inaugurazio egunean, Azaroaren 20an, BIDEOSORKUNTZA EMANALDIA
Nerea de Diego, Harri Larumbe eta Tasio Ardanaz Nafarroako sortzaile euskaldunen lanekin.

- Azaroaren 27an, NUPeko tabernan, KONTZERTUA: ZURA taldearen “Kiribil” diskoaren aurkezpena, Unibertsitatearekin elkarlanean.

- Abenduaren 2an, Planetarioan, XABIER LETEREN ERREZITALDIA: Egunsentiaren esku izoztuak poema liburuaren aurkezpena, Pamiela Argitaletxearekin batera.

Osotara, 3.250 lagun inguru pasatu dira BATEKMILA erakusketatik. Horien artean, 1080 ziren ikasle taldetan (61 talde); 1670, publiko arrunta eta ekitaldietan, beste 500 lagun inguru.

BERTSOTAN BLAI

2007an, iazko formula berreskuratuz, bertsolaritzari buruzko bi erakusketa osagarriak uztartu genituen:

– HITZAK EGIN GAITU EZER, Lankuk egindako erakusketaren bidez bertsolaritzaren mundu orokorra ikusten da: transmisioa, tresnak, gaiak, bertsolarik esanguratsuenak eta gure herriaren tradiziotan izan duten garrantzia.

– MANUEL LASARTE, BERTSOLARIA, Hurbil ekoiztutako erakusketaren bidez, nafarra eta leitzarra den Manuel Lasarteari egindako aipamen sakona eta berezia dugu, gure bertsolarien arteko esanguratsuenetarikoa baita.

Iruñeko Navarro Tafalla Jauregian egon zen ikusgai Irailaren 21tik Urriaren 31ra ,eta bi ekitaldi osagarri antolatu ziren honen inguruan: Maialen Lujanbioren hitzaldia “Emakumea eta Sorkuntza”, Urriaren 9an, eta Oihane Perea, Onintza Enbeita eta Iratxe Ibarra bertsolarien “Emetik” Bertso- Kabareta, urriaren 18ko ilunabarrean.

Nafarroa osoko 546 ikasle 29 taldetan egon ziren erakusketa ikusten eta osotara, 1241 lagun bertaratu ziren gure aretoan.

EUSKAL LIBURUGINTZA

2006ko ekimenak bi erakusketa bildu zituen Euskal liburugintza izenpean, erakusketa desberdinak eta elkarren osagarriak: bata, Pamiela argitaletxearen “Liburu bat egiten/Cómo se hace un libro” izan zen; eta bestea, berriz, Galtzagorri Elkartearen “Ipuinez ipuin aretoa/Salón del libro infantil”, biak batera ikusteko elkartuak, liburuen munduan egindako ibilbide gisa.
Bi erakusketa euskal literaturan eta euskal idazleetan oinarritzen dira, liburu bat nola egiten den azaltzeko eta, bereziki, ipuin liburuak erakusteko. Baina, aldi berean, bi ekimenek oso ikuspuntu unibertsala lortu dute: munduko edozein tokitan liburuak egiteko modua erakusten du Pamielakoak, alde batetik; eta, bestetik, munduko ipuingintzaren libururik esanguratsuenak biltzen ditu Galtzagorrik.
Erakusketa apaintzeko eta girotzeko, liburuaren ekoizpenean erabiltzen diren tresnak eta materialak eta euskal ipuingintzako pertsonaia erraldoiak ikusi ahal izan ziren bertan, Iruñeko kale berriko 49ko aretoan, irailaren 28tik azaroaren 5era.
Bisita gidatuez gain, erakusketaren inguruan literatura eta musika lotzen zituen emanaldia ere antolatu genuen, urriaren 5ean: Patxi Zubizarretak (idazle arabiarren hitzekin) eta Pello Ramirezek (txelo eta akordeoiarekin), “Zikoinaren hegaldia: Bidaia bat Kopenhagetik Marrakexera”, ikuskizuna eskaini zuten, erakusketa aretoan bertan.
Azaroaren 30ean, eta erakusketan bertan, Pamiela argitaletxeak Sarrionandiaren hiru libururen berrargitalpenak aurkeztu zituen, Joxe Mari Iturralde, Bernardo Atxaga eta Txema Larrearen eskutik.
Euskal Liburugintzaren erakusketara Nafarroa osoko 42 ikastetxetako 672 ikasle etorri ziren eta, osotara, 1.425 lagunek ikusi zuten.

KANTUKETAN

2005eko urriaren 28tik abenduaren 2ra, Uztaritzeko (Lapurdi) Euskal Kultur Erakundeak egindako erakusketa. Bertan, Euskal Herriaren memoria kolektiboa bere musikan zehar biltzen da, eta 200 abesti esanguratsuenetarikoen bidez, euskal kantak gizartean eta historian duen lekua azaltzen da. Hiru atal zituen erakusketak: kantu zaharrak, lehendabizikoan; gizarteari lotutako ekimen musikalak, bigarrenean, eta azkeneko hamarkadak, hirugarrenean, Ez Dok Hamahiru mugimendutik gaur egun arte. Ikus-entzunezkoak, panelak, bideoak eta multimedia erabiltzen ditu, euskal musikaren aberastasuna ezagutarazteko. Haurrentzako txokoa ere badago, bai eta ordenagailu-jokoak eta abestiak ere.

Osotara, 700 lagun inguru hurbildu ziren hilabete osoan. “Kantuketan” erakusketaren barnean, bi ekitaldi antolatu zituen EKEk: Pantxoa Etxegoinek Iparraldeko kulturgintzari buruzko hitzaldi bat eman zuen, eta Jean Mixel Bedaxagar kantariak eta Mikel Urbeltz musikariak kontzertua eskaini zuten.

HABLA EN CRISTIANO

2004ko maiatzaren 7tik uztailaren 2ra, Sabino Aranak sortutako “HABLA EN CRISTIANO” erakusketa Iruñera ekarri genuen, Navarro Tafalla Jauregiaren aretora.titulo Erakusketa horretan, frankismo garaitik hona euskarak jasandako debekuak eta erasoak biltzen ziren. Gaia Iruñean eta Nafarroan kokatzeko, informazio eta dokumentu bilketa egin zen, gure herrialdeari dagozkion historia eta kasuak erantsiz. Horrez gain, gaur egunean Nafarroan bizi dugun euskararen kontrako zenbait erasoren berri ere ematen zen bukaerako panel batean.
Erakusketaren antolakuntzan Diario de Noticias egunkariak, Udalbiltzak, Radio Euskadi irratiak, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Sabino Arana Kultur Elkargoak hartu zuten parte.

Bi hilabetez, osotara 1.300 lagun inguru hurbildu ziren erakusketara, horien artean, 16 talde (euskaltegi, institutu, ikastolakoak).