Diru-laguntzak, 15 eta 26 urte bitarteko gazteek sormen-jarduerak euskaraz egin ditzaten.
Euskara Kultur Elkargoak (EKE) deialdia egiten du 15 eta 26 urte bitarteko gazte-taldeek euskara sustatzeko kultur jarduerak egitea xedea duten proiektuei laguntzak emateko. Deialdian parte hartzeko, taldeek ez dute berariazko izaera juridikorik izan behar, eta ez dira parte izanen lehenagotik eraturik dagoen ezein jarduera publiko edo pribatutan.
BALDINTZA OROKORRAK
Xedea
Laguntzen xedea kultur proiektu berriak egitea izango da, betiere haietan euskara erabiltzen bada komunikazio-hizkuntza gisara, proiektuak izaera juridikorik gabeko gazte-taldeek antolatzen badituzte, eta horiek beste entitate publiko edo pribatu batzuek antolatutako jardueren barnean egiten ez badira. Proiektuek taldeak talde gisa finkatzeko balioko dute, hala kideen beraien garapen pertsonalari nola taldeen hazkunde kolektiboari dagokienez, eta jarduerak beraiek euskaraz egitea ahalbidetuko dute, halako eran non euskara izango baita taldekideen arteko ohiko hizkuntza. Proiektuek sormenezko helburuak ere izanen dituzte, eta emaitzek hurbileko gizarte-ingurunean partekatzeko modukoak izan beharko dute.
Jarduerek kultur sormena jorratzen duten esparruei lotuta egongo dira: musika, antzerkia, zinema, ikus-entzunezkoak, dantza, literatura, arte plastikoak, bertako kultur tradizioak eta abar. Jarduerak euskaraz egin beharko dira, eta ekoizpen propiokoak izango dira, edo, bestela, taldeek beraiek zenbait lan garatu eta landu beharra ekarriko dute. Proiektuak berekin ekarrizko du bukaerako jarduera bat egin beharra, talde bakoitza bere auzotan edo herritan kokatu eta bertara zabaldu edo bertan erakutsiko dena.
Egin nahi diren jai- edo aisia-jarduerek beraiek egitea besterik ez badute helburu, ezin izanen dituzte diru-laguntza hauek eskuratu. Orobat, ezin izanen dute diru-laguntzarik eskuratu beraiek egitea beste xederik ez duten bidaiek edota joan-etorriek.
EKEk saritu ahalko ditu haien ezaugarriak edota haiek betetzeko modua direla medio nabarmentzeko modukotzat jotako jarduerak. Halakoak jendaurrean erakutsi ahalko dira, horretarako propio egindako ekitaldi batean.
Diru-laguntzak bateragarriak dira beste entitate batzuek emandako laguntza edota sariekin, baldin eta horiek kasuan kasuko proiektuaren kostu osoa estaltzen ez badute, eta, betiere, jasotako laguntzek zenbat jotzen duten aitortuta.
Hartzaileak
Gazte-taldeek ondoko ezaugarriak izango dituzte:
a) Gutxienez lau kide izango dituzte, eta talde bakoitzeko hiru kidetatik bi 15 eta 26 urte bitarteko gazteak izango dira. Talde bakoitzean, gutxienez kide batek izan beharko du adinez nagusia. Talde bakoitzeko adin nagusiko kideek hartuko dute proiektua gauzatzearen ardura, modu solidarioan hartu ere.
b) Kasuan kasuko taldea adin txikiko gazteek bakarrik osatua bada, heldu batek izan beharko du taldearen arduraduna.
c) Gazte-taldeek ez dute izena emana edukiko talde gisara ezein erregistro publikotan, eta ez dira izango partaide ezein elkartetan edo entitate publiko edo pribaturen batek jada abian jarrita duen ezein proiektutan.
Zenbatekoa
Proiektu bakoitzak jasoko duen diru-kopurua zenbat proiektu onartu eta horren arabera zehaztuko da, behin proiektuak baloratuta. Guztira, diru-laguntzak emateko aurrekontua 20.000 eurora hel daiteke. Diru-laguntzarik jasotzeko, proiektuek eskatzen zaien kalitatea eduki eta exijitzen zaizkien baldintzak bete behar dituzte. Hori dela-eta, aurrekontuaren parte bat edo aurrekontua osorik erabili gabe utzi ahalko da, baldin eta proiektuek baldintzak betetzen ez badituzte.
Diru-laguntzak honela emango zaizkie taldeei: jarduerak onartzean, kasuan-kasuan onartutako kopuruaren % 35; behin kasuan kasuko proiektua abiatu eta hiru hilabetetara, % 25, betiere hasieran aurreratutako diruarekin ordaindutako gastuak justifikatzeko fakturak aurkeztuz gero; azkenik, behin proiektua amaituta, beste %40, baldin eta emandako laguntzan justifikatu gabe dauden gastuak (laguntzaren % 60) justifikatzeko fakturak aurkezten badira.
Taldeek eskatu ahalko dute kopuru horiek aldatzea horretarako egin behar den proiektuan behar bezalako justifikazioa balego..
Proiektuak
Proiektuak EKEren bulegoetan aurkeztu ahalko dira 2012ko urtarrilaren 31ra arteetaondoko agiriak jaso beharko dituzte:
a) Kasuan kasuko taldearen ezaugarrien deskribapena:
-
Kideak (izen-abizenak, adinak eta NAN).
-
Aitorpena, espresuki adierazteko ez direla inongo ikastetxe, administrazio edo elkarte pribatuk antolatutako jarduera baten parte.
-
Proiektua euskaraz egingo delaren aitorpena.
b) Proiektuaren deskribapena:
-
Proiektuaren helburuak, jardueren deskribapena eta programa eta haiek egiteko ezarritako egutegia.
-
Lan-metodologia eta taldekideek proiektuaz bezainbatean hartu beharreko ardurak.
c) Egin beharreko gastuen aurrekontu xehatua eta diru-laguntza banku bidez helbideratzeko datuak.
d) Jarduera bera egiteko jaso edo eskatu diren beste laguntzei buruzko aitorpena (halakorik balitz).
Proeiktuak burutzeko epea
Jarduerak 2012ko abenduaren 11ra arte egin ahalko dira.
Proiektuen aukeraketa
Irizpide hauek hartuko dira kontuan, proiektuen lehentasuna zehazteko:
-
Proiektuaren kalitatea eta bideragarritasuna (helburuak, metodologia, eta programa).
-
Euskara erabiltzeko ahalmena.
-
Talde barne-funtzionamendua bultzatzen duela.
-
Proiektuaren interes soziala: kultura arteko alderdiak lantzea, gizarte-partaidetza sustatzea eta gizarteari egindako ekarpen gisa baliatu ahal izatea.
-
Taldeetan neskek eta mutilek parte hartzea.
-
Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoaren arabera doitutako aurrekontua aurkeztea.
Onuradunen betebeharrak
Talde bakoitzeko kide guztiak joko dira diru-laguntzen onuradun, eta hori dela medio ondoko betebeharrak izango dituzte:
-
Ezarritako baldintzak betetzea onartu beharko dute.
-
Proposatutako jarduera egingo dute eta euskaraz beteko da
-
Diru-laguntza justifikatuko dute.
-
EKEri jakinaraziko dizkiote hala proiektuan egindako aldaketak nola diru-laguntzari emandako ukoa, halakorik bada, onartu eta gero.
Proiektu bat gauzatzen ez bada, edo modu diferente batean garatzen bada, aurkeztutako proposamenarekin alderatuta, kasuan kasuko taldeari laguntzaren kontura aurreratu zaion zenbatekoa itzultzeko eskatu ahalko zaio.
Laguntzak baliogabetzea
Diru-laguntzak baliogabetu ahalko dira, kasuan kasuko taldeek ezarritako epeak ez badituzte betetzen, proiektuak ez badituzte garatzen edo eman zaizkien diru-kopuruak zertan gastatu duten ez badute justifikatzen.
Diru-laguntza justifikatzeko agiriak, behin jarduera eginda.
Diru-laguntzak eskuratzen dituzten taldeek ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte, behin jarduera eginda:
a) Jardueraren gaineko memoria laburra. Argazkiak edota ikus-entzunezkoak jasoko ditu, proiektuaren bilakaeraren eta gauzatzearen inguruan.
b) Balorazio arrazoitua, euskara proiektuan erabiltzeak taldean eragin dituen ondorioen gainean.
c) Erositako materialen eta egindako gastuen fakturak, diru-laguntzaren %65ari dagozkionak (izan ere, aurrerakin gisara emandako beste gainontzekoari dagozkion fakturak proiektua hasi eta hiru hilabetera aurkeztu beharko dituzte taldeek).
Taldeek erantzun egin beharko diete EKEk proiektuen gainean prozesuaren edozein unetan egiten ahal dizkien argibide- edo justifikazio-eskaerei.