Sarea
Administrazioa
|
Amets Arzallus eta Julio Sotok bertso-saioa egingo dute gaur AEBetako Stanford University-n
Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariek saioa egingo dute gaur arratsaldean Stanford-en, unibertsitate entzutetsuko Euskara Programak antolatuta. Emanaldia bertsolaritzari buruzko ekitaldi baten barruan egingo dute: 'Bertsolari' dokumentalaren trailerrarekin hasiko da arratsaldea, eta ondoren bertsoei eta bapatekotasunari buruzko mahaingurua egingo da. Saioa bertsoekin bukatuko dute Arzallusek eta Sotok. Ekitaldiaren antolatzaile da Iñaki Lopez de Luzuriaga, Stanfordeko euskara irakaslea eta Etxepare Euskal Institutuak saioa babestu du.
Stanford, AEB. Iragan asteburuan San Frantziskoko Basque Cultural Centerelkartearen 30. urteurrenean eta bertako II. Bertso Egunean parte hartu ondoren, Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariak Stanford unibertsitate ospetsuan arituko dira kantuan gaur. Unibertsitateko Euskara Programak"Basque troubadors" izeneko ekitaldia antolatu du, euskal bapatekotasunaren tradizioa ikasleei erakusteko asmoarekin.
Ekitaldia 'Bertsolari' dokumentalaren hamar minutuko trailer batekin hasiko da eta ondoren, Arzallusek eta Sotok gidatuta, bertsolaritzari buruzko mahaingurua egingo da. Euskal tradizioaz gain, beste hizkuntza batzuetako bapatekotasun moldeak ere izango dituzte hizpide, hala nola Argentinakopayadoreak edo Kubako repentistak. Ekitaldiari bukaera emanez, bertso saioa egingo dute Arzallusek eta Sotok. Bertsoak ingelesera eta gaztelaniara itzuliko dituzte.
Ekitaldia arratsaldeko 5:15etan hasiko da, Stanford Unibertsitateko Pigott Hall-en (Bldg. 260, Rm. 252). Antolatzaileak unibertsitateko Department of Iberian and Latin American Cultures eta Etxepare Euskal Institutua dira.
-Stanford University-ko Euskara Programari buruz informazio gehiago,hemen
|




Itzuli 





