2014/11/23 00:52

Sarea

Gizarte

Twitter euskarara itzultzeko aukera ireki dute

 

Twitter euskarara itzultzeko eskaerek erantzuna izan dute azkenean. Atzo arratsaldeanTwitterrek iragarri zuenez bere interfazea beste 6 hizkuntzara itzultzeko aukera ireki du, tartean gurea: euskara, katalana, ukraniera, greziera, txekiera eta afrikaansa. Itzultzaile lana boluntarioa izango da eta erabiltzaileen komunitateari dei egin diohorretarako.


 

Orain dela urte bete inguru jarri zuen martxan Lander Arbelaitz kazetariak Twitter euskaratzeko kanpaina, 2011ko otsailaren 23an eta udazkenean berriro piztu zen, orduanJoseba Kamioren eskutik. Harrezkero, hainbat Tuiterlarik eskatu diogu Twitterri bere interfazea euskaratu zezan eta badirudi azkenean kanpainek bere fruitua eman dutela.
 
Atzo arratsaldean Twitterrek iragarri zuenez bere interfazea beste 6 hizkuntzara itzultzeko aukera ireki du: euskara, katalana, ukraniera, greziera, txekiera eta afrikaansa. Behin itzulpena eginda eta onartuta, badirudi epe laburrean erabili ahalko dugula Twitter euskaraz. Dagoeneko 28 hizkuntzatan erabili daiteke Twitter, eta beste 6 hizkuntzak onartzen dituenean, 34 horien artean izango da Euskara.
 
Euskara eta katalana izango dira zerrenda horretan Estaturik gabeko bakarrak eta Euskara da guztien artean hiztun gutxien dituena.
 
 
Itzulpena
Twitter euskaratzeko aukera atzo arratsaldean ireki zen, eta dagoeneko itzuli beharreko string edo testu-kateen %80 baino gehiago dago itzulita.
 
Itzulpenean parte hartzeko, itzulpenen gunera sartu behar da, Twitter bidez login eginez.
Itzulpen tresnak dagoeneko itzulita dauden hitzen zerrenda eta itzuli gabeena erakusten dizu. Proposamenak ere egiten dizkizu, zuretzat egokiena aukeratu dezazun.
 
 
Itzultzaile lana boluntarioa izango da eta erabiltzaileen komunitateari dei egin diotehorretarako. Itzulpenaren eskubideak Twitterren esku geratuko dira.
Azken egunotan beste itzulpen batzuen inguruko informazioa ere jaso dugu, gainera. Whatsapp mugikorretako aplikazioa euskaratzeko kanpaina martxan jarri da, eta apirilaren amaieran Librezaleko lagunek berea egin zuten Identi.ca-rekin.
 
 
Interfazea? Edukia? Eduki librea?
 
Twitter euskaraz izatea garrantzitsua da, zalantzarik ez. Gainera, Txiolari euskaldunon aldarrikapena izan da eta enpresa handi batek aintzat hartu du. Baina Twitter bera euskaratzea baino zeregin garrantzitsuagoa ere badagoela adierazi dute zenbait ahotsek azken orduetan.
 
Luistxo Fernandezek, esate baterako, euskarazko interfazea baino euskarazko edukiaren beharra aldarrikatu du bere blogean. Hau da, Twitter euskaraz izatea bezain garrantzitsua (edo gehiago) dela Twiterren euskaraz jardutea. Euskaldunok Twitterren euskaraz idaztea, eta euskal intelektualak Twitterrera erakartzea.
Dabid Martinezen ustez, berriz, garrantzitsua litzateke Twitter itzultzeko sortu den olatua software librea darabilten proiektuetara eta guzion ondarea sendotuko luketen proiektuetara bideratuko balitz.
 
Edukiak partekatu