2012/05/18 10:08

Jarduerak

Mikro-ipuinak

2011  2010  2009  2008  2007  2006 

SARIAK


LHko LEHEN SARIA

 
KOILARA HILTZAILEA
Bazen behin koilara gaizkile bat Flandrian bizi zena.
Flan guztiek kristoren beldurra zioten; bere izena entzuten zutenean dardarka hasten ziren. Flan bat harrapatzen zuenean, barrenak ateratzen zizkion errukirik gabe, oraindik bizirik zegoela. Modu latz honetan flan asko hil zituen, Poliziak atxilotu zuen arte. Berria Flandriako egunkari guztietan etorri zen.
 
Aaron Arbizu Alberto
12 urte.
Escuela Pública Arrano Beltza. Iturmendi.

DBHko LEHEN SARIA

 
POLTSIKOETAN
Atea ireki eta eskuak praketara.
Begien begirada bizkorra dendako apal guztietatik.
Biriken arnas eta bihotzaren taupada bizkorrak.
Kopetako izerdi hotzaren tantak aurpegitik irristatzen.
Urduri, beldur.
Baina hain polita da.
Eskuak kanpora.
Eskuak azkar praketara.
Atea ireki.
Atera.
Atea itxi.
Kanpoan, azkenean libre!!
Birika lasaien arnasa, bihotzaren taupada mantsoak.
Kulpabilitatea, erremordimendua.
Eskuak kanpora eta pultsera bat eskuan.
Begirada tristea, erruduna, nekatua.
Baina hain polita…
Eskuak praketan.
Etxera.
 
Amaia Sanchez Hualde
15 urte.
Paz de Ziganda Ikastola. Villava/Atarrabia.

LHko OHOREZKO APAIMENAK

 
HARRI KOZKORRA
Hor nabila ni, maldan behera. Hau da nire emozioetako bat, ona gainera. Txarra izanen da gelditzea, pareta bat jo eta xehatzea. Mutiko horrek maldan behera bota ninduenean, ez zituen kontuan hartu nire emozioak.
Harri huts naizelakoan hartu nau, izango ditu nirekin negozioak.
 
Oihana Amorós Abrego
10 urte.
Colegio Público. Arantza.

 
DIBERTIBASURA
 
Kale kantoian nago, potolo burusoil bat heldu da niregana bere zakar poltsarekin. Gero eta hurbilago, gero eta hurbilago…tapa altxatu dit eta zas!!! Eskuak harrapatu dizkiot: jajajajajajaja…..
 
–Aaaaaaaaaaaaaa!!!!
 
Ziztu bizian atera da zakar poltsa lurrean utzita eskuari helduta.
Herenegun berriz, betaurrekodun mehar bat etorri zen, “bu” esan orduko arineketan atera zena, betaurrekoak ahaztuta. Kotxe batek zapaldu dizkio, gizajoa…
Orain xahar bat heldu da, honi sustorik ez diot emango bestela… Pastela...
Hemen nago asperturik deus egin gabe… baina itxaron, orain tipo dotore bat heldu da bere gorbatarekin... Zakar poltsa behatz puntarekin helduta, tapa altxatu du nolabait, eta gorbata harrapatu diot!!! Jejeje! Aurpegia gorri-gorri eginda joan da arnasarik hartu ahal izan gabe..
Jooooppppee!!! Orain bere bizkartzainek besoetan naramate.
 
Paulo Ramos Zumalde
11 urte.
Ikastola Tantimairu. Lesaka.

 
ERLOJUAN
 
Erlojuen istorioan orratzen arteko ezberdintasuna nabaria zen. Orduen orratzak inbidiaz begiratzen zion minutuenari: berak 12 ordutan egiten zuena, ordu bakar batean egiteko gai zen. Minutuen orratza jaun eta jabe sentitzen zen erlojuen munduan segundoen orratza iritsi zen arte. 
 
Mikel Castillo Graziarena
12 urte.
Ikastola Labiaga. Bera.

DBHko OHOREZKO APAIMENAK

 
ANE GAIXOA
Baziren pinu eta gereziondo bi hosto. Zuhaitzak elkarrekin hasi zirenez, bi hostoak oso lagunak egin ziren. Txomin, gereziondo hostoa, Anerekin maiteminduta zegoen.
Udaberriko goiz eguzkitsu batean, Txominek bere sentimenduak aitortu zizkion pinu hostoari. Honek, harrituta, berak ere berdina sentitzen zuela erantzun zion. Oso udaberri zoriontsua bizi izan zuten, baita uda ere. Udazkena ailegatzean, Txomin gaixo- gaixorik jarri zen, bere kolore berdea galdu eta marroia eta ximurra jarri zen. Egun batean, hil eta zuhaitzetik erori zen. Ane gaixoak udazkenero galtzen zituen bere maitaleak..
 
 
Irantzu Garzaron Rupérez
16 urte.
Berriozarko Institutua.

 
ONDO LO EGIN
 
“Kaixo, heriotza naiz. Nire izena ezaguna egingo zaizu, ezta? Noizbait ikusten banauzu, ez da oso seinale ona. Begira, gauza bat esan behar dizut. Bihar hil egingo zara. Arratsaldeko zortzietan, tiro bat joko dizute bihotz ondoan eta asko sufrituko duzu hil arte. Lasai, zure ondoan egongo naiz denbora guztian. Ondo lo egin…”
 
Nahaia Mitxelena Vaquero
13 urte.
Toki Ona Institutua. Bera.

 
KOLPEEN MINA BIHOTZEAN
 
Kolpe bat, gero beste bat.
Kolpeen milaka arrasto zure gorputzean, milioika zure bihotzean.
Tortura hutsa da, eta torturatzailea zure maitalea.
Itsu zaude, maitasun mingarri batean galduta, nor bihotza da zure gida, eta honek buruari kasurik ez.
Metalaren hozkada hotza sentitu duzu bihotzean, baina badakizu horrek ez zaituela inporta, gorago dauden eskuek baizik, beti maite izan dituzun eskuek.
Orduan ulertu duzu. Berak ez zaitu maite, beretzako nahi zaitu, intseguritateak sortutako sentimenduan galdu egin da.
Lehenengo aldiz, bere begiek benetako bihotza erakutsi dizute: hutsa.
Baina, beranduegi da orain. Jadanik lortu baitu nahi zuena.
Kolpe bat, gero… azkena
 
Bidane León Balentzia
15 urte.
San Fermin Ikastola. Zizur Nagusia.